«Historiaurrea» solairuan, ikusgai daude ere Irati(ko) neska (duela 7.000-8.000 urtekoa, azken glaziazio ondorengoa) eta Abauntz-Orkin kobazuloan aurkitutako Mapa (duela 12.000 urtekoa)
1.- Aste honetako berri txikia Iruñerrian: Irulegiko Eskua Nafarroako Museoan dagola ikusgai. Ez du aurkezpenik beharrik Eskuak, nahikoa hitzegin baidugu horri buruz eta berriz ere beretaz hitzeginen dugulako. Gaurkoz, ez dut gehio erantsi beharrik, bego horretan, ikusgarri.
2.- Museoara eraman duten bertze pieza baten aurkezpena egitera natorkizue, aski aipagarria hau ere, nahiz eta altxor ezezaguna aunitzentzat.
Loizu-ko gizon gaztea:
Altxor honen historia, labur: 2017 urteko azaroa zen; SAKON espeleologia Taldea (Noain-Elortzibarkoa, Nafarroa) bere lanean ari zen eta Loizu herrixkan (Loizu, Erro Ibarra) haitzulo bat ikuskatu eta aztertzen ari zirela, hara hezur batzuk non ageri diren…giza hezurdurak dirudite…
Ba bai: 21-25 urteko gizon gazte baten eskeletoa da Errotalde I mendi-zuloan aurkitutakoa, sarreratik 200 bat metrotara, zabalgune txiki batean…eta hamabi mila urte (12.000 urte !) eman ditu kobazuloan, zerraldo.
Gaztearen eskeletoa kasik osorik eta ondo kontserbatuta dago; kaskezurrean zulo bat du, jaurtigai batek eragindako impaktua, dirudienez. Baina ez zegoen gaztea han nolanahi utzia, ez. Adituek ikusi zuten hil-oihal moduko batean bilduta ezarri zutela gorpua eta sedimentu gorrixka batez apaindua. Horrek erran digu, hileta erritual modukoren eskeini izanen ziotela.
Gainera, inguruko hormetan zehar: kolore gorriko 31 pintura-adierazpen grafiko antzeman dituzte, gaztearen gorpua utzi zuten meandroan inguruan eta, ziur asko, hileta-egintzaren garaikideak dira, eta agian harekin lotuta daude.
Loizuko hezurduraren aurkikuntzaz, Sakon espeleologia taldeak eginiko bideoa:
Euskaraz.
https://www.sakon.es/2021/03/el-hombre-de-loizu-aintzioa-loizu-valle.html
En castellano:
https://www.sakon.es/2021/03/el-hombre-de-loizu-aintzioa-loizu-valle.html
Urteotan, 40 ikerlari baino gehio aritu dira talde-lanean eta ikerketa lanaren emaitzak laster argitaratuko omen dituzte.
3.- Erran bezala, Irulegiko brontzezko Eskua eta Loizuko gizon gaztea elkarren ondoan ezarri dituzte ikusgai Nafarroako Museoan. Eta biengandik hurbil, solairu berean eta (historiaurrea) garaikide eta bidelagun, bada bertze altxor ederrik ere.
Bertzeak bertze, Irati(ko) emakumea:
30 urteko emakume batena da, duela 8.600 urtekoa (Paleolitikoa eta Neolitikoa garai tartean). Aizpea izeneko haitz-gorapean aurkitu zuten (Aribe-tik Orbara-ra, Aezkoa ibarrean). Gorputza tolesturik kokoituta ehortzi zuten haitzuloko paretaren ondoan. Hil opari, hezurrezko espatula bat ezarri zioten
4.- Eta museoan, hauekin eskuz esku:
Abauntz Mapa (Arraitza-Orkin, Ultzama).
(Orain dela 11.800 urtekoa. Harrian marraztutako tokian tokiko planua ote?
Abaunzko mapa pieza paregabea da, Europa mendebaldeko maparik zaharrena dela uste baita. Gizadiak espazioa irudikatzean erdietsitako lorpen goiztiarrak erakusten ditu, mapa aurkitu zen leizearen inguruko elementu geografikoak ezagutu baitaitezke bertan: mendia, ibaia, hezeguneak, pasabideak eta sarbideak, eta animalia-saldoak, seguraski helburu praktikoz marraztuko zirenak: ehizarako.
Pilar Utrilla doktoreak eta Zaragozako Unibertsitateko bere taldeak ulertzen dutenez, haitzulo inguruak: Zaldazain erreka, Ultzama ibaia, San Gregorio mendia, Muño hezegunea, eta abar antzeman daitezke mapan.