Irulegiko eskua aurkeztu ondorengo lehen urtea antzu joan bazen ere, bigarrena hasi eta berehala heldu zaigu luzaroan aiduru izan gaituen ikerketa sorta, FLVren (Fontes Linguae Vasconum-en) 136. zenbakian argitaratuta. Bertan irakurri ahal izan ditudanei buruzko inpresioak luzatuko ditut hemen, ikuspegi orokorretik hasita, eta iruzkina merezi duten hainbat auziri helduz, gero.
Inpresio orokorrari dagokionez, Irudi batez ilustratzekotan, elkarren gehiegizko errespetuz borrokan(?) diharduten bi boxeolariena datorkit burura: etengabeko dantzan jiraka aritzen dira, kolpea tiratzeko ausardiarik gabe, aurkariarena istant berean sartuko zaielakoan, ikusleen pazientzia agortu eta hasierako animo oihuak apurka-apurka txistu-hots bihurtu arte.
Beste irudi bat erabiltzekotan, monolitoaren inguruan jakin minez eta beldurrez dabiltzan Kubriken tximinoenak ere balio lezake.
Txiste bat ere gogorarazi dit hizkuntzalari komunitate horretan zabaldurik dagoen pentsaerak. Loterian mila miloi euro irabazi duen gizonari galdetu dio kazetariak:
–Zer egin behar duzu orain diru horiekin?
Eta gizonak:
–Zorrak ordaindu!
Kazetariak ekin dio berriz:
–Bai noski, baina gainerakoekin?
Eta gizonak serio:
–Gainerakoek itxaroten segitu beharko dute tamalez.
Gure hizkuntzalari komunitatean ere, behin loteriaren sari nagusia egokitu eta nahikoa ez nonbait. Berriz egokitu zain daude, beste testu bat behar dute, edo beste batzuk, behin eskatzen hasiz gero, motz gera ez gaitezen…
(Juan Inazio Hartsuaga: «Anno II ab manu condita» (II. urtea eskua «sutan» denetik…)