Xamarrek, Euskara Jendean (2006), adituen ustez antzinatasun gorena (paleolitikoa ala neolitikoa) izan dezaketen hitzak zerrendatu zituen. Zerrenda hori gure eskutik osatuz, eman diren zenbait irakurketa askeagoak erantsiz, eta antzeman daitekeen antzinatasunaren arabera ordenaturik:
1 Oinarrizko elementuak.
Oinarrizko elementu askoren hitzak silaba bakarrekoak dira; sarri, onomatopeiak oinharrizko elementu horien antza egiten; eta, gainera, beste hitz batzuen sustrai gisa jarduten dira. Berezitasun guzti hauek ziur aski paleo-hitzak direla iradokitzen digute.
Adibidez: su, ur, lur, zur; huts, hats, hatz, hits, hitz; hortz, hotz, hots, ertz; jo, jan.
2 Ur, Lur, eta Elur.
Lurraren bizitza uraren gainean eraikitzen dela garbi zekusaten arbasoek: Lur hitzak Ur hitza du erro gisa, eta Elur hitzak bai Lur hitza eta, horren bidez, Ur hitza ditu erro. Begien bistakoa ematen du elurtutako lur baten bizi zirenak asmatu zituztela hitz horiek; hots, paleolitoko izotzaldian.
Nabarmeneko irakurketan, Elur hitza Lur hitzetik Ur hitzetik baino gertuagoa egotea, elurrak lur guztia estaltzen duen garaietan du zentzu gehien, Xamarren ustez.
Sakoneko irakurketan, Lur hitza Elur eta Ur hitzen arteko zubia izateak Lurraren ideian osatutako munduikuskera bat erakuts dezake, euskal mitologiak egiten duen bezala.
3 Zur, Ur eta Lur, eta zuhaitz.
Kasualitatea baino kausalitate bat egon daiteke ere Zur hitzan. Paleolitoan eta neolitoan gehien erabiltzen zen lehengaia zen zura ala egurra (nahiz eta zientziak ‘litos’ edo harria, hots, denboran mantentzen den lehengaia erabili duen bere izen horiek egiteko). Eta Zura Lur etik ataratzen da, lurretik sortutako zuhaitzetatik, eta han Ur edo urak emandako bizitzarekin. Beraz, aurrekoa arrazoitzen du, berriz ere: urak lurrean ematen du bizitza, zura lehengaian eraldaturik biak.
Ideia hau bultzatzen du, berriz ere, Zuhaitz edo zur-haitz, hots, ‘zurezko haitza’ ala ‘zura ateratzen
dugun haitza’. Antzekotasun bat badago. Haitz handitik lan egiteko haitz txikiak edo harriak ateratzen ditugun bezala, zuhaitz handitik zur txikiak ateratzen ditugu lanak egiteko ere.
4 Artoa edo ‘hartua’.
Egun ‘artatxiki’ deitzen dugun laborea (espainolez mijo, frantsesez millet) ‘artua’ zen lehen (Ameriketatik etorritako artoak izena lapurtu zion arte). Era argian, J. L. Davant bezalako idazleentzat, ‘hartua’ izenetik dator. Ehiztari-biltzaileen denboretatik datorren izena, hain zuzen.
5 Urte, Elurte.
Urtea izendatzeko euskal hitza Ur-te izateak ideia berdina erakusten du: izadiaren bizitza, urtero zikloetan errepikatzen dena, uraren ziklotik dator. Eta ur-te hori elurrek ekartzen dute, elur-te garaietan.
Oraindik ere, urtea ur denbora eta ziklo bat denaren errituak bizirik dirau Nafarroako zenbait herritan (Urdiainen, Etxalekun…): urte berria ospatzeko ur berria biltzen, etxez etxe banatzen eta edaten baita Urteberri egunean.
6 Haitz- erroa eta Atx! onomatopeia.
Gaur egun oraindik mantentzen diren lanabes batzuen izenen sorburuan (h)aitz erroa aurkitzen dugu, lanabes hauek harriz egiten zirenean asmatuak izan zirelako seinale: aiz-kor edo haitzez, harriz egina; aiz-tur edo guraizeak; aitz-tzur edo haitzez eta zurez egina; aiz-to edo ganibeta; zulak-aitz edo zulatzeko haitza. Eta baliteke (H)aitz hori Atx! onomatopeiatik eratortzea, antzinatasunaren irizpidean. Ziur aski paleo-hitza da, eta zalantzarik gabe neoliti-hitza (neolitikoa, paleolitikoarekiko, harri landuagoen garaia izan zelako).
7 Egun, eguzki eta egur loturik.
Eguna dakarkigun eguzkia eta, gabaz, suaren bidez ‘eguzkia’ eta ‘eguna’ dakarkigun egurrak, egu- erroa izateak ez du kasualitatea ematen.
8 Uda eta Negu hitzek urtaroak izendatzeak hotz handiko garaiak erakusten du.
Urtaroak edo urte-sasoiak bitan banatuta egotea, Uda eta Negu (beste biak, udaberria eta udazkena, udaren zati baitira), mutur hauek zituzten hotz eta izotz handiko garaiak iradokitzen ditu.
9 Hilabeteak ilargi-beteak dira.
Hilabete hitza ila-bete edo ilargi-bete jazoeratik datorrela argi dago, urteak hamabi ilargi bete dituelako, eta emakumeen hilerokoak ere tarte horren egunen ingurukoak direlako.
10 Euskara esku-era izan daiteke, antzinako ekimena erakusten duena.
Euskara edo eskuara hitza esku-era biltzetik letorke, hots, eskuaren erabileraz bizitza eraikitzen dutenek hitz egiten dutena. Hau izan zen Agosti Xahoren ustea, ondoren beste askok ere argudiatua. Xahok antzinatasun gorenaren erakusletzat hartu zuen: euskara edo esku-era, hain zuzen, giza hizkeraren hitz zaharrena litzateke. Hizketan hasi ginen garaitakoa, hitzak eskuen keinuekin erabat laguntzen ziren garaitakoa. Irakurketa ekonomiko baten, kanpotik etorritako jendearekiko eskua gehiago (eta abereak gutxiago) erabiltzen zutenen hizkera litzateke esku-era. Irakurketa filosofiko baten, ekimena miresten eta bultzatzen zutenen hizkera.
11 Udaberri eta Udazken hitzek abeltzaingo aurre-neolitikoa erakusten du, Larrazken hitzak honen alde egiten duelarik.
Hotz eta izotz handiko garaietako muturrak izendatzeko Uda eta Negu hitzak erabiltzea abeltzaingoaren garaian mantenduko zen, artaldeak urtean bitan aldatzen direlako. Eta horren bidez izendatuko ziren gerora nabarmenduriko beste urtaroak. Udaberri eta Udazken urtaroak uda edo elurrik gabeko goi larreen garaiaren arabera izendatu ziren, udazkena deitzeko beste hitz batek, Larrazken hitzak, erakusten duen bezala. Gizarte aurre-neolitikoaren, ala gutxienez neolitikoaren, erakusle ziurra.
12 Aberats hitzak abere asko duena izendatzen du.
Diru asko ala ondasun handiak dituena izendatzeko erabiltzen den aberats hitza ere abeltzaintzaren garaikoak dira, ezbairik gabe: aberats: aber-ats ala abere-ats, abereak edo abere asko dituena.
13 Abere edo animali etxekotuen hitzek, inguruko hizkuntzekiko antzik gabe, aurre-indoeuroparrak ematen dute.
Ardi, Behi, Ahuntz, Aker, Urde, Zakur, edo Zaldi hitzek ez dute inolako antzik inguruko hizkuntzekiko eta, beraz, aurrekoen testuinguruan, aurre-indoeuroparrak direla ematen du.
14 Euskaldun hitzak euskal jendea aurre-indoeuroparra dela erakusten du.
Ez du ematen indoeuropar keltak etorri zirenean alde ekonomikoa handia zenik, ala horri erreparatzen ziotenik euskaldunek, beraien herria eta izaera izendatzeko hizkuntzaren irizpidea erabili baitzuten: euskaldun edo euskara-dun, euskara duena. Akaso Xahoren teoria luzatuz, esku-ahal-dun. Erdaldun hitza, bere aldetik, erdi-era-dun izan daiteke, erdi-era dutenak, gainerako etorri berriak (Xamar, 2006) . Hau ez da hizkuntz indoeuroparretan gertatzen. Euskaldunak indoeuroparrak ez direnaren beste adierazle bat. Eta beraien arraza eta guda irizpideen ondoan, oso irekia eta abegikorra dena: gutarra kontsideratuko zaitugu guk bezala hitz egiten baduzu, hots, ulertzen bazaitugu.
15 Hilabeteen hitz asko ehiztari-biltzaile, abeltzain eta nekazal garai antzin-antzinakoetan sortuak dirudite.
Egun euskara batuak aukeratutako hilabete hitz batzuk Latinetik omen datoz (martxoa, apirila, maiatza, abuztua, abendua…). Baina euskalkien izendapen asko zaharragoak eta adierazgarriagoak dira. Askok garai aurre-historikoetara daramate, berriz ere, arreta. Besteak beste:
1. Izotzila, izotzaren hilabetea. Ilbeltza, hilabete iluna. 2. Otsaila, otsoen hilabetea. Barantaila, akaso barauaren hilabetea. Zezeila, zezenaren hilabetea. 3. Epaila, zuhaitzak epaitekoa. 4. Jorraila: alorrak jorratzekoa. 5. Ostoila eta orrila, hostoen eta orrien hilabetea. Loreila, loraila: loreena. 6. Ekaina, eki edo eguzki gaina edo gorena, egunik luzeenak alegia. Garagarrila, garagarraren hilabetea. Bagila, baba hilabetea. 7. Uztaila, uzta biltzekoa. Garila, gariarena. Garagarrila, garagarrarena. 8. Agorrila eta dagonila, agorraren edo lehorraren hilabetea. 9. Iraila, iratzea biltzekoa. Garoila, garoa biltzekoa. Buruila, edo azken hilabetea, akaso antzina urtea hemen hasten zen, hots, udaminak pasa eta gero. 10. Urria, urrak biltzekoa. 11. Azaroa eta azila, haziaren aroa edo hilabetea, ereitekoa alegia. Lastoila, lastoarena. Gorotzila, gorotzarena edota ximaurrarena. 12. Neguila, neguaren hilabetea. Lotazila, akaso hilabete honetan haziak lo daudelako lur barnean.
16 Izeba, alaba, arreba, neba, ahizpa, asaba, edo osaba sendiko hitzetan erabiltzeak amatasunean eta matriarkatuan oinarritutako gizartea erakusten du.
Antzinako euskal gizartean amatasuna (ama eta emakumearen printzipioa), akaso matriarkatua (ama eta emakumeen erabakimena), eta gutxienez matrilinealitatea (sendiak eratzeko emakumearen etxera joaten ziran gizonak) ardatz zutela pentsa daiteke, euskararen sendi izenak ama eta emakumean oinarritzen direlako: izeba, alaba, arreba, neba, ahizpa, asaba, eta osaba hitzek -ba atzizkia dute.
Gutxienez, matrilinealitatea zegoen, senideen hitzak ama berriaren funtzioan izendatuz.
Zantzuak gehiago luza daitezke: arbasoak arbaso emakumeen lerroa edo ildoa bezala irudikatzea, adibidez.
17 Anaia, seme, haurride, buruzagi, auzo, auzolan, artelan eta bestelako hitzek indoeuroparretan antzekorik ez izatea sistema sozioekonomiko desberdina eta hauskaitza iradokitzen du.
Hitz hauek indoeuroparretan parekorik, kidekorik ala antzekorik ez dute, eta etziren inoiz hizkuntza horietatik ekarritako maileguek ordezkatuak izan, beraz, sistema sozioekonomiko erabat desberdina, eta bereari eutsi ziona, iradokitzen du honek, oso hauskaitza izango zena.